Orain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu Chuecak. Liburua hobeto ezagutu nahian alkarrizketatu dogu autoreetako bat, Begoña Bilbao Bilbao, EHUko irakaslea.
Josu Chueca, Gurutze Ezkurdia, Bego Bilbao, Karmele Perez Urraza
Liburu honek, jarduera akademiko baten emaitza izateaz gainera, aitortzeko eta omentzeko ekimen bat izan gura dau. Baina, non dauka jatorria lanak?
2012an Emakume Abertzale Batza sortu izanaren 90 urte beteko direla eta Bizkaian Kulturarako Diputatua den Josune Ariztondok, urte bete lehenago horren gaineko komentarioa egin ostean, berarekin batzartu eta ekintza akademikoaz gainera beste era bateko zer edo zer egin daitekeela ikusita abiatu zen guztiz interesgarria izan den ekimena. Izan ere hitzaldi zikloa, Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua eta erakusketa antolatu dira zeintzuetan emakume haien lana aztertu, azaldu eta idatzi diren.
Zer dala eta hasi zinean honetan lanean?
Gurutze Ezkurdia, Karmele Perez Urraza eta Begoña Bilbao lankide izateaz gainera aspaldian gabiltza ikerketa taldean; oraingoan, historian jakitun den Josu Chuecagaz batera lan egin dugu. Josuk arterik ere bazeukan idatzita Nafarroako EABn ibilitako emakume batzuen biografia. Gure memoria historikoa berreskuratzeko bidean, lan honek horretarako ekarpena izan gura du. UPV/EHU eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren emaitza da, Bilboko Magisteritza Eskolako Garaian (Araka) ikertaldeak eta GOAZ agiritegia-museoak lagunduta.
Ikerketeaz gainera, eta liburuagaz batera jardunaldiak be aitatu gurako geunkez.
Lehenengo jardunaldi akademikoa antolatzea adostu genuen, emakume hauen bizitza eta gure herriaren alde egin zuten beharra aztertu eta azalarazteko helburuarekin. Horrela lau gune hartu genituen hitzaldi zikloa bideratzeko. Lehenengoan “Emakumeak abertzaletasunaren giltzarri” izenburupean; EABren ibilbidea aztertu eta azaldu zuen UPV/EHUko irakaslea den Itziar Rekaldek. Bigarrenari “Emakumeak hezkuntzaren eragile” izenburua emanez, Idoia Fernández UPV/EHUko irakasleak Maistrak, hizlariak eta idazleak: EABren heziketa-lana naziogintzaren magalean” azaldu zuen. Hirugarren zikloari “Emakumeak intelligentsian” izena eman genionean Iratxe Retolazak EABko emakume idazleen ekarpenak aztertu zituen. Ana Urkizak irakatsi zigun EABko emakumeek erakutsi zuten adimen pluralagoa, koralagoa eta sakonagoa izan zela. Eta adimena erabiliz, bizitza publikoan parte hartzeko bidea zabaldu zutela. Laugarren ekitaldia “Makilen garaia” deitu genuen eta bertan Josu Chuecak emakumeak erresistentzian egindako lana azaltzeaz gainera, Gregorio Arrienek erbestean gertatu zena azaldu zuen. Ekitaldi bakoitzean hitzaldiaz harago, hurbileko testigantzak eta bizipenak kontatu dituzte emakume haien etxekoek.
Liburura etorrita, zer dago Emakumeak Hitza eta Bizitza izenburuaren atzean?
Izenburuak esaten digunez, emakumeak, hitza eta bizitza dira liburuaren hiru ardatzak. Horixe izan liteke laburpena. Emakumeen hitza jasotzen da eta horrekin batera euren bizitza. Baina, gehiago ere bada liburua; artean azaldutako hitzaldi guztiak eta etxeko artekoak kontatutako testigantzak ere jaso genituen. Eta, azkenengo atalean emakume batzuen zertzelada biografiakoak garatu ditugu. Han eta hemen zabalduta dagoen informazioa jaso eta bateratze lana egin dugu, azkenean 65 emakume ezagutarazteko balioko dutenak.

Itziarren Semeak Mungiako taldeak bere diskoa aurkeztuko du egunotan. "Dale Candela" izenburupean doinu biziak eta dantzagarrika aurkezten dizkigute. Datorren abenduaren 13an Bilboko Kafe Antzokian arituko dira zuzenean. Manex Altuna, taldeko kitarrajotzailea eta kantaria gurekin izan dugu.
Ze momentutan aurkitzen da taldea?
Inoiz baino gogo gehiagorekin gaude kontzertuak jotzeko. Disko berria prestatzen ibili gara azken hilabeteetan eta orain kanta berriak zuzenekoetan aurkezteko gogoa daukagu. Gainera, lehenengo aldiz Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera izango dugu azaroaren 24an Londresen joko baitugu eta abenduan Kubara goaz. Beraz, bizirik eta gogotsu gaude egindako lanaren fruituak jasotzen.
"Dale Candela" deitzen da disko berria. Taldearen izarea isladatzen duen izenburua ahal da?
Esaldi horren atzean hainbat ideia daude. Alde batetik, aurrera egiteko indarra ateratzea, egurra ematea... eta horretan Itziarren Semeak taldearen filosofia guztiz isladatzen da. Gero, Hego Ameriketako iraultzei keinu bat egin nahi izan diegu eta disko berria osatzen duten kantuen estilo aniztazunean ere isladatzen da. Eta azkenik, Candela emakumezkoen izena denez eta kandelak argia ematen duenez ideia hori ere adierazteko aproposa iruditu zaigu, emakumezkoek etorkizuneko argia piztuko dutela, alegia.
Hasieratik estetika zaindu izan duzue. Taldearen jarreran estetikak baduela garrantzia dexente antzematen dut.
Noski, kontzertuetarako uniforme berezia prestatuta daukagu: Kuadrodun alkondarak, maoizko frakak eta alpargatak. Publikoaren atentzioa deitzeko egiten dugu, taula gainean ikusten digutenean beraien arreta bereganatzeko eta gogoratu gaitzaten.
Non erosten dozuez kuadrodun alkondara horrek?
Orain berriro modan jarri ditugun arren, kar kar... Etxetik aurkitu ditugu gehienak, gurasoenak dira. Kuadrodun alkondarekin jotzera irtetzeko erabakia hartzeko arrazoi nagusia 80. hamarkadan gure gurasoek erabiltzen zituzten erropak gogora ekartzen zizkigutelako izan zen. Borroka garaia eta RRV-a (Rock Radikal Vasco mugimendua) etortzen zitzaizkigun burura.

Caja Ruralen etapa berria hastear daukazu. Zeintzuk dira sentsazioak urrats honen aurrean?
Ilusioz ekiten diot. Etapa berria da, bai, taldekide berriekin, eta halakoetan ilusioa behar izaten da. Hurrengo urteari begira elkar ezagutzen ari gara, plangintza doitzen, ea ahalik eta ondoen ekiteko modua dugun.
Aldaketa nabaria taldearentzat, zuretzako ere imaginatzen dut Euskaltel Euskadiren tamainako talde batetik Caja Ruralera igarotzeak bilakaera suposatuko duela. Nolako eraldaketa inplikatu du horrek?
Desberdina izango da dena. World Tour egutegitik pasatzea, lider argi bazuentzat lan egitetik, oso eremu ezberdinera igaroko naiz. Egutegia oso diferentea da, lasterketak batez ere bertakoak... hortara egokitu beharko naiz, garaipen aukerak lortzeari begira.
Egutegia eta probak desberdin izateak besteak beste planifikazioa ere eraldatuko zizun. Oso ezberdina izango da zure eguneroko lana?
Aldatu egingo da dena, bai. Azken urteetan Tour-era edo Girora begira egin dut nire prestauntza, hori baitzen lehentasuna. Aurten desberdina da. Gauzak ondo badoaz Espainiako itzulian egoteko aukera izango dugu, baina dena desberdina da. Denborada hasieran, behinik behin, astebeteko txapelketetan zentratuko naiz, eta ikusiko dugu nola egiten duen urteak aurrera.
Erronka konkreturik makatu diozu zure buruari?
Oraindik ez dut egutegia diseinatu, beraz ez daukat ezer konkreturik buruan. Ea lesioek errespetatzen nauten, eta hortik aurrera daukadan maila erakustea izango da nire helburu nagusia.

Euskaltel-eko etapa bukatu berri daukazu. Sei urte intentsitatez beteak. Nolako balantzea da egiten duzuna?
Balantze positiboa egingo nuke. Lehen urtean, 2007an, espektatiba gehiegi gabe etorri nintzen eta karrera garrantzitsu askotan izan nintzen. Eta hortik aurrera ere oso pozik, bai nik lortutakoarekin eta baita besteentzat lortutakoarekin ere. Beste alde ilunagoak ere badaude, tarteko lesio eta erorketak, nire maila ematea eragotzi izan didate askotan.
Ziur asko momenturik gozoenetarikoa Paris-eko podium hortara igotzea izango zen, Tour-eko leihakortasun saria irabazita.
Bai, entzutetsuena ezbairik gabe. Egon izan dira, halere, beste hainbat momentu on, adiera hiandikoak. Gogoan dut, esaterako, Mikel Nievek irabazi zuen etapa hura, Espainiako Vueltan; biok eskapatuta eta elkarlanean eraiki genuena, Juanjo Orozekin batera. Mikelek burutu zuen azkenik, baina nirea izan balitz bezala gozatu nuen.
Oraingoan Asier Muniategigaz egoteko erea izan dogu Bilboko liburu azokearen harira. Irratigintzan eta batez be, liburu azoken arloan dabil Asier Muniategi. Liburu eta liburugintza arloa hurretik ezagutzen ditu Asierrek. Dana be ez dogu aurreratuko baina, liburutxu batzuk be aholkatu deuskuz Asierrek. Hementxe beraz, liburu artean ibilteko aukera polita.

Asier, irratigintzan urte asko egin dituzu eta jarraitzen dozu. Horrez gainera liburu azokak koordinatzen dituzue.
Irratigintza da beharbada gustukoen dodan eginkizuna, azken baten komunikazio zuzena dalako, ahotsaren doinuak indartzen daualako mezua. Liburu azokak orain 25 urte hasi nituen kasualidadez eta irratian nengoalako etorri jatan eskaintzea. Lehenago Herri Irratian eta gero Bizkaia Irratian. Lehen euskaraz eta orain erdara eta euskara nahatauta erdarazko hedabidea da eta gurea.
Literaturea eta liburuak beti inguruan.
Literatura eta liburuak inguruan baino barruan esango neuke. Azken finean, norberaren luzapen modura sentitzen ditudalako, bai sormena zein sortzaileakaz daukadazan hartuemonak.
Idazleakaz be egoten zara, asko hurretik ezagutzen dozuz.
Ehundazak ezagutu izan ditut, bertakoak zein estadu edota atzerrikoak eta beharbada aberasgarriena horixe izan daiteke. Pertsona eta pertsonaia bereizten ikasten dozu. Gehienetan onerako, baina ez beti.
Nobel sariak, nazinoarteko idazle ospetsuak Saramago, Vargas Llosa,Gao Xinjian, Benedetti,Galeano...Espainiarrak gehienak, baita euskaldunak be , Saizarbitoria, Atxaga, Irigoien, Kirmen...
Zer dala eta mundu hau, letrena.
Sasoi baten idazle edo sasi idazle nenbilen. Gero kasualidadez edo eskaintzea heldu jatan eta argi dago...bizi proiektu edo neure herriari aportazinoren bat egitekotan kultura bidetik, urrats barrietatik eskeintzea erabagi neban. Ez neban ikusten beste bide aproposagorik.
Zein da zeure lana, liburu azokei lotutakoa.
Nire lana azoketan gai guztiak koordinatzea da: Instituzinoakaz harremanak, muntaiak, komunikazinoa, idazleak, aurkezpenak....eta behar dan edozein gauza edo akats zuzentzea.
Zenbat azoka egiten da urtean eta zeintzuk.
20 bat Azoka burutzen doguz Elkartean, uriburuetan eta gero beste hainbat herritan. Bizkaiari dagokionez Bilbon Liburu Barriena eta Liburu Zaharrena ekainean eta urrian. Mungia, Bermeo, Santurtzi, Baracaldo, Ondarru eta Ermuko Euskal Liburu eta disko Azoka. Galdakaon edo Gernikan be egiten genduan baina, danak burutzea ez da posible izaten.
Orain(tsu) Bilbon euki dogu hitzordua.
Bilbo da Azokarik garrantzitsuena guretzat, bai erakusle, bai idazle, literatur sariak...jende kopuruari jagokonez. Indarrik handienak berton eskintzen doguz.
Zelan joan da.
Aurten igaz baino kaskarrago baina dagoan krisiagaz eta ...pentsatzen genduan modura. Ekintzak ugari, hitzaldiak eta oso ondo baina salmentea apur bat bajatu da. Azken baten, Azoka gizartearen ispilu dogu.
Zein da azoken helburua.
Helburua beti da irakurtzeko zaletasuna zabaltzea eta plazaratzen diren liburuen barri emotea eta ezagutu araztea.
Gaur egun zelan ikusten dozu arloa.
Gure ikuspegia danen antzera iluna da. Baina ilunak baltza erakusten dauan einean zuria be agertzen dau eta ni optimistea naiz. Sormen aldetik sekula baino lan gehiago dago eta kalidadea be hobetuz doa. 3.200 liburu barri urtean gure Elkartean, erdiak euskaraz...ba ez da ez makala.
Gazteei zuzendutako ataria da hau, gazteei erreferentzia eginez, badaukagu zenbat irakurten daben dinoskuen daturik?
Gazteen artean irakurketea oso maila handikoa da. Gure datuak honeek dira: 10 eta 13 urte bitarteko gazteak % 94an irakule dira. 14 -24 urte bitartean % 76a. Egia da ikasleak diranak derrigorrezko irakurketak daukiezala eta datu honeek ikuspegi horretatik aztertu behar doguzala baina, gazte asko ikusten ditut eskuartean liburua dabenak aisialdian edo garraioetan, lburutegietan be bai. Beraz, erronka zera da: ikasketak amaitu eta gero be irakurle izan daitezela.
Eta beste datu esanguratsurik errealidadea adierazteko?
Daturik fidagarriena niretzat bakoitzaren baitan dago. Bakoitzak dakigu gure zaletasuna zein dan. Zenbat irakurten dogun. Inkesta baten egiak zein guzurrak balio berbera dauka.
Euskarazko libururen bat aholkatzeko eskatuko deutsut mesedez.
Umeentzako "Pirritx eta Porrotx". Hurrengoentzat "Nur"- 13tik aurrera. "Jara"-helduagoentzat . "Twist", "Bilbao.N.York.Bilbao"...eta azkenean Martutene.
• Ametsa amesgaizto bilakatu da Alex Txikon mendizale lemoarrarentzat. Iazko urtean bezala, aurten ere Gasherbrum I Karakorum-eko 8000koa negu garaian igotzearen erronka burutzen saiatu da.
• Eguraldi hotz eta haizetsuaren ondorio, tontorra erdiesteko azken saiakera oso malkartsua izan zen, eta hiru espediziokide eta lagun (Gerfried Göschl austriarra, Cedric Hählen suitzarra eta Nissar Husein pakistaniarra) galdu egin ziren mendian barrena.
• Kanpamendu basean egunetan zehar zain egon ondoren, helikopteroz jaitsi zen Txikon Gasherbrum I-etik. Oinetan izozte nabarmenak ditu bizkaitarrak.

Bidai gogorrak izan dituzu orain arte zure ibilbidean. Azken hau baino gogorragorik nekez...
Azkenean, Himalatayik gabiltzanok ohituta gaude, beti espedizio batzuk beste batzuk baino gogorragoak izaten diren arren. Halere, azken hau, bai, oso gogorra izan zen, batik bat azkenean gertatu zenagatik. Ez genuen inolaz ere espero...
Hiru lagun bertan uztearen kolpeaz gainera, zerorrek ere oinaze fisiko ugari ekarri dituzu Gasherbrum I menditik. Zer moduz zaude?
Zauri fisikoak nahiko ondo. Eskuineko hanka kasik %100 dago eta ezkerrekoa... behatz potoloa erabat belztuta dago, maiatzaren lehen astean egingo didate ebakuntza. Beldur apur bat ere ematen dit, sekula ez bainaiz ebakuntza-gela batetan sartu, ea zelan irteten den. Denarekin ez dira zauri larriegiak.
Etxera bueltak luzeak izaten dira halako espedizioetan. Zure kasuan, menditik jaistea uste baino luzeagoa izan zen, eta ondoren zaurien ondorio Zaragozan izan zara ospitalean.
Urtarrilak 12 irten ginen eta etxera buelta 3 hilabete beranduago, Zaragozako bi asteak kontutan hartuta. Goian, dena nola gertatu zen ikusita, lagunak desagertu ondoren, 12-13 egun egon ginen behe kanpamenduan helikopteroak jaitsi ninduen arte... neguan dena konplikatuagoa izaten da, eta oraingoan okerrera joan zen dena.
Espedizioak zituen arriskuez kontziente zineten, are gehiago neguan burutzen zen bidaia zela kontutan hartuta, baina kontziente izateak ez du gogortasuna ukatzen.
Neguan dena, bai logistikoki, bai gogortasun aldetik, oso gogorra izaten da. Aurtengoa bereziki gogorra suertatu da, nahiz eta hasiera batean, eta behe kanpamendura igo aurretik, horren aro txarrik ez genuen nabarmendu. Halere, ondoren, eguraldia zeharo aldatu zen, eta dena konplikatu. Momentu gogorrak beti daude espedizioetan, eta lagunak galdu izan ditugu gehiagotan, baina kasu honetan hiru lagun desagertu ziren, eta ez geneukan inongo informaziorik. Haiek walkie-a zeukaten baina ez genuen kontaktua burutzeko erarik. Egunetan zehar egon ginen horrela, eta horrek egin du esperientzia are latzagoa. Egunak jada igarotzean gure lagunak bueltatuko ez zirela ulertu nuen.

Elkar diskoetxearen eskutik argitaratu du diskoa. Izenburu esanguratsua jarri dio Garik bere abesti bildumari, erreinbidakzio kutsua ere somatzen delarik. Diskoa rock estiloan murgiltzen da, naiz eta batzutan mugan aurkitu, sonoridade...
Gehiago irakurri
Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki...
Gehiago irakurriGotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak erakusketa berri bat ondu dute. Kasu honetan, 2d1 proiektuak ardoaren galaxiarekin duen harremanaren baitan, planeta berri bat deskubritu dute. Kiribila. Oraingoan, argazki eta poesia erakusketa izan...
Gehiago irakurriOrain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu...
Gehiago irakurri
Zerbitzu oso interesgarri eta sinplea da ifttt.com. Beren sortzailen hitzetan "Internet zure alde lanean jartzeko" balio duen tresna. Errealitatean, baldintza bat betetzen denean ekintza bat burutzeko balio duena. Adibidez, blog...
Gehiago irakurri