Jo ta jo

Gorputza, laguna edo arerioa?

Aupa denoi!

Zelan gabiltza? Lanpetuta azterketak gainean daudelako? Arnasa apur bat har ezazue, eta interneteko lehio honetan geratu, zerbait gura dizuet xuxurlatu belarrietara...

Zenbatetan begiratzen duzue zuon gorputza ispiluan? Zenbat aldiz etxetik irten baino lehen begiratzen duzue ea zelan geratzen zaizkizuen praka horiek? eta mini gona berri hori? zer esanik ez ilea!! batzuentzat gorputzeko kuttunena. Zenbatetan aukeratzen duzue arropa zuon edertasuna azpimarratzeko edota zuoi ez zaizuena gustatzen tapatzeko edota " look" ona izateko? Badaude ere arropaz paso egiten dutenak, edo behintzat hori esaten dutenak. Ispiluaren aurrean oso denbora gutxi ematen dutenak ere badaude , are gehiago, ispilutik ihesean dabiltzala ematen du. Ez daude bat ere gustora euren gorputzarekin eta ispiluan begiratzeak ere lotsatu, beldurtu edo tristetu egiten ditu.

Ez da bat ere erraza gure gorputzarekin pozik egotea, are gutxiago gure gizarte honetan. Eredu estetikoak gero eta zorrotzagoak dira, neskentzako zein mutilentzako. Gero eta gazteagoenen artean kontsumismo ustelean oinarritutako ereduak finkatzen dira . Nerabetasunean gainera, zuok sano ondo dakizuen moduan, gorputzaren aldaketak nabarmenak dira. Neska eta mutil bakoitzak erloju bat dauka, genetika konkretu bat eta horiek ezin du inork aldatu. Beraz, hainbat gauza ez daude zuon eskuetan, lasai. Egoera honek sortzen duen egonezina ez da bat ere makala izaten.

Nagusiei oso zaila egiten zaigu gure gorputzarekin pozik egotea eta urte batzuk daramatzagu elkarrekin....imajina dezaket zuontzako zer den.

Zelan egon gaitezke pozik gure gorputza nolakoa izango den ez badakigu? Titiak horrela geratuko zaizkit? Ahots hau behin betikoa izango da? Aitaren altuera izango dut? Ipurdia noiz borobilduko zait? Zakilaren tamaina aldatuko zait ? Hilekoa noizko? Bekokian dauzkadan garoak noizarte? Eta ile koipetsu hau?

Animo gazteak, natura ez dabil txantxetan zuokin eta. Berak ere behar izaten du bere denbora gauzak bere lekuan ipintzeko. Beharbada zuoi gauza bera gertatzen zaizue, hau da, denbora beharko duzue. Zertarako? Zuon gorputzean gauzatzen diran aldaketak barneratzeko, estimatzeko eta  behar den moduan onartzeko. Naturaren erritmoari jarraituz gero ziur asko sano lasaiago ibiliko ginela.

Zuok imajina:

Lehenengo aldaketak izan aurretik gehienok nahiko pozik eta gustura zaudete zuon gorputzarekin: kiroletan, aisialdiko ekintzetan, koadrilan ...gorputza ta zuek bat zarete. Gorputz horretan bizi zarete eta gainera gehienetan nahi duzuena egiteko balio zaizue. Azken finean zuen gorputza zeuk zarete. Honez gain, etorriko zaizkizuen aldaketen inguruko informazioa jasotzen duzue, zuen estualdia baretzeko ezinbestekoa. Arnasa eta pazientzia har itzazue, ba!, aldaketak ez baitaude zuen esku baina bai horiek nola kudeatu.

  • Aldaketak hasten direnean, animoak eman eta gertatzen zaizuen konta iezaiozu norbaiteri.
  • Lagunekin gora beherak konpartitu, denok natzera ibiliko baitzarete.
  • Arropari daukan garrantzia soilik eman. Eroso sentitzea, gustora, zu zeu izatea....hori da garrantzitsuena.
  • Gorputzarekin lotura berreskuratu; presarik gabe gorputza zaindu beharra jakin (krema edota olioa...)
  • Ispiluaren aurrean jartzen bazara ahalegindu gorputz osoa begiratzen. Ikerkuntza sailan sartu eta ea zer topatzen duzun!
  • Ahalegindu zure burua ondo tratatzen, ez izen gaiztoa zure gorputzarekin.

Ligatzea edo harremanak bideratzea zailagoa izango da pozik ez bagaude baina ziur nago naturari bere lana egiten behar duen denbora uzten badiogu, amaitu orduko prest egongo zaretela, gu nagusiok baino hobe, zuon edertasunarekin gozatzeko.

Besarkada handi bana

Espazio "birtuala"

Aupa denoi!

Zelan zabiltzate? Animo ba! Konturatu orduko oporretan egongo zarete eta.
Gaurkoan, batxilergoan batez ere, hainbatean agertutako gaia.

"Neskek esaten didate, ea zer gertatzen zaien euren aluan, hobeto esanda baginan, mutil-lagunaren zakila ezinezkoa delako sartzea. Mutilak aldiz ea zer egin behar duen sartzeko, neskei izugarrizko mina ematen diolako eta sarketa azkenean ezinezkoa delako".
Pentsatzen dugun baino gehiagotan gertatzen den auzia da. Gure bizitzaren edozein momentutan gerta daiteke, ez bakarrik lehenengo harreman koitalean. Beharbada une horretan aukera gehiago dauzkagu horrelakoak gertatzeko baina bizitza luzea da eta gorputzak modu anitzak dauzka kezkatzen diona esateko!

Bagina espazio "birtual" antzekoa da. Hau da, ia ezin dugu ikusi, barrurantz baitoa eta iluntsu dago. Bere tamainaz jakin izaten dugu zerbait sartzen dugunean eta ez zehaztasun guztiekin, oso malgua delako eta gehienetan sartzen denaren tamaina hartzen duelako. Bagina muskuluz, giharrez osatuta dago beraz, gure gorputzeko beste gihar moduan funtzionatzen du. Gorputza lasai dagoenean, zabaldu egiten da eta tentsioren bat dagoenean uzkurtu. Baginako giharrak uzkurtzen badira, oso malguak izan arren, edozelako sarketa ia ezinezkoa izango da, beraz mingarria.

Tentsioak mota askotakoak izan daitezke: beldurra, jakineza, lotsa, urduritasuna, bolada txar bat, egoenezina ... gure barnean daudenak eta ez dakizkigunak ... Gainera tentsioak exitazio prozesua etetea dakar eta ondorioz baginan ematen den lubrikazioa ere. 
Dena dela horrelako egoeratan inoiz zuon burua ikusten baldin baduzue hona hemen aholku txiki batzuk:
  • Lasai, arnasa hartu eta ez tematu.
  • Beharbada gaur ez da izango momentua edo eguna.
  • Gorputzak izkina maitagarriak ditu, bagina bat baino ez da!
  • Berba egin zure bikotekidearekin. Zer gertatzen zaizun, zelan bizitzen duzun ... lotsatuta bazaude be, esaiozu!
  • Bakarrik zaudenean zure aluaren laguna izan, begiratu zelakoa den, zelakoa diren baginaren muskuluak ,zerk tentsionatzen dituen eta zerk lasaitzen edota exzitatzen...
  • Bikotekidearekin zaudenean, ikasi eta irakatsi koitoaz aparte dauden beste jokoak.
  • Bion artean ikasi eta irakatsi zelan funtzionatzen duten zuon genitalek, zer daukaten gustuko, zerk errelajatzen dituen...

Animo ba! Besarkada handi bana.

Agurtzane

Pornoaaaaaaaaaaaa

Aupa denoi!
Batek jakin nondik ibiliko zareten! Dena den gustura ibiltzea espero dut. Gaurkoan pornoa ekarri dut aztergai.
Pornografia hitza entzuten dugunean, askotariko irudiak etortzen zaizkigu gogora. Gorputzarekin, zakilarekin, titiekin, ipurdiarekin, gozamenarekin eta abar luze batekin daude lotuta irudi horiek. Baina, bestelako sentipenak ere azaltzen dira gure baitan: nazka, gozamena, askatasuna, gogoa, beldurra, lotsa... Gaiarekin lotuta dauden hainbat jarrera agerian geratzen dira. Guztiok dugu sentipen eta iritziren bat pornografia hitza entzuten dugunean. Gordinkeriarekin eta lizunkeriarekin egon da lotuta pornografia. Sexu jokaera gordinak eta zikinak azaltzean, pornografiaz berba egiten da; irudi horiek hain gordinak ez badira, ordea, erotismoaz. Pornografia okertzat hartu da eta erotismoa aldiz, ontzat.

Baina zer da lizuna eta zer ez? Zer zikina eta zer ez? Non dago aldea? Nork ipintzen du marra horien artean? Ez da erraza galdera horiek guztiak erantzutea. Lizunkeriaren definizioa aldatuz joan da mendebaldeko herrialdeetan, eta horrekin pornografia edota erotismoaren edukiak ere. Pertsona bakoitzak garai bakoitzak, sasoi historiko bakoitzak, kultura bakoitzak edukiaz betetzen ditu kontzeptuak, beraz kontzeptu arteko mugak askotan oso labankorrak dira.

Baina seguru nago kontzeptuari lotuta dagoen aldagai bati buruz oso ados egongo garela denok ere. Hauxe da, pelikula pornoak pelikulak direla. Hementxe azpimarratzen dudana tontakeri hutsa da? Erantzun korapilotsua ... Tontakeri hutsa da hortaz ,jada denok ere konturatu garelako. Baina pornoaz aritzen garenenean, hausnarketetan zein lagunekin solasaldietan, ahaztu egiten zaigu.

Egia da egun pornoa dela material bakarra andreon zein gizonen harreman erotikoak islatzen duena. Imajinatu zelako inportantzia ematen diogun, askotan ahazten dugula pelikula denik eta sinesten dugu irudietan agertzen den guztia, are gehiago, uste dugu gure harreman erotikoak horrelakoak izan behar direla edo direla. Eta hortxe dago gakoa.

Pelikulak, denak ere, dibertitzeko, gozatzeko, denbora pasatzeko, pentsarazteko, emozioak mugitu arazteko ... filmatzen dira. Baina denok dakigu hor agertzen dena, askotan errealitatean oinarrituta badago ere, batzuen sormenaren lana dela.Hau da, Swatzenagerren pelikulak ikusten ditugunean gauza asko gertatzen dira, gero zinematik irteten garenean gertatzen ez direnak. Hori horrela bada ere, asko gozatzen dugu zineman gaudenean, ezta?

Ba horixe, pelikuletan azaltzen diren egoerak fantasietan murgildutakoak dira, andreak eta gizonak, aktoresak eta aktoreak oso trebeak diren langileak dira, kamerak izugarrizko lana egiten du zuzendariak nahi duen lekuetara hurbiltzeko eta beste guztia itzalean utziz, montadoreak eta photoshopak eureak egiten dute, eta ordezkoak ere badaude protagonistek arazoren bat edukiz gero .... Beraz zuzendaritza, produkzio lanak, aktore-aktoresak .... denek laguntzen dute azkenean ikusleak pelikularekin goza dezan!

Zeuk ere gozatu, baina adi! pelikulak, pelikulak baino ez baitira.

Ondo pasa,besarkada bana.
Agurtzane

 

Bola txinatarrak

Aupa denoi!
Oporrekin gozatzen?
Gaurkoan bolatxoak dauzkagu aztergai. Antza denez modan jarri dira berriro ere, Kataluniako enpresa batek farmazietan saltzeko aukera eman baitu. Orain arte batez ere sex-shopetan saltzen ziren eta farmazietan saltzen zituztenak baginarako  konoak ziren, helburu antzekoarekin baina. Hori dela eta irratietan eta egunkarietan berria bolo bolo dabil.
Bola hauen lehen aztarnak Neolitikotik datoz, baina urte franko gerorago arte ez zen jakin hauen erabilera zehatzik. Japoniako Feudal sasoian kondaira bat zabaldu zen. Honela esaten zuen: "orduko sasoiko enperadore baten erotikarako grina hain eutsiezina zenez, amoranteen baginen barruan marfilez egindako bolak sartzen zizkiela. Euren ustez bolak sartuz gero emakumeak prest egongo ziren enperadoreak behar izaten zituenerako". Baina beharbada ez zuten asmatu hain ondo, neskon harreman erotikoak izateko grina bola txinatar batzuek ez baitute pizten!!
Baina zer dira? Zelan funtzionatzen dute?
Silikonaz estalirik dauden bi bolatxo dira (batzuetan bakarra ere izan daiteke) kordel batekin lotuta.Bola bakoitzak pisutsuagoa eta txikiagoa den beste bat dauka barruan, beraz, lekua daukate libre mugitzeko. Bola hauek bagina barruan sartzen dira, baginako muskuluek lotzen dituzte eta neskok ibiltzen hasten garenean barruko bolak mugitzen dira handiago den bolaren kontra talka eginez. Mugimendu horiek plazergarriak izan daitezkeen bibrazioak sortzen dituzte.
Zertarako erabiltzen dira?
Alde terapeutikoa: emakumeok menopausia eta erditu osteko aroan pelbiseko muskuluak leundu eta bigundu egiten zaizkigu, horregatik batzuetan txiza-jarioak ohikoak bihurtzen dira. Gure pelbiseko soroa indartzeko, askotan, fisioterapeuta bat behar izaten dugu eta gerorago bola txinatarrak erabili ditzakegu. Gure baginak bolak oratu egin behar ditu baginatik kanpora ez jausteko. Eusteko behar dugun indar horiek gure muskuluetan eragin osasuntsua eta zuzena edukiko dute.
Alde erotikoa: bolatxoei eusteko egiten dugun indarrak eta bolatxoen mugimenduen bibrazioak sarri, plazergarriak diren sentsazioak sortarazten dituzte. Emakume batzuen bagina erelubrikatzen da. Beraz, gure gorputzak ezagutzeko modu bat izan daiteke eta gure intimitatea garatzeko ere aldean daramatzagula inork ere ez luke jakingo eta. Dena den, dibertigarria izan daiteken jokoa da.
Ikusten duzuenez, erotikaz gozatzeko osagarrien mundua zaharra bezain zabala da; egun aspaldian asmatutakoa baino ez dugu borobiltzen, eta hori ere ahal denean.
Ondo pasa eta gozatu uda zoragarri honetan!

Aulkia non?

Oraindik sareari so? Pozten naiz, pentsa izan dut gehienok kalean zehar ibiliko zinatela.

Ikasturtean zehar sexualitateri eta erotikari buruzko tailer batzuetan ibili naiz buru belarri, askotan moduan. Baina oraingoan nahiko desberdinak dira , ez ohikoak. Zergatik? Talde-kideak ezintasun fisiko bat duten emakumeak eta gizonak direlako. Batzuek aspalditik muineko lesio bat zeukaten, eta beste batzuek gaixotasun degeneratibo bat. Askok gurpildun aulkietan jesarrita eta beste batzuk makuluaklagun.

Gehienek nagusiak, gazte pare bat izan ezik. Gehienentzako lesioa edo gaixotasuna gaztaroan agerian. Eta euren kezkak, ardurak, lotsak, beldurrak, gurariak ... entzun ondoren artikulu hau idaztea erabaki dut. Gehienek gaztaroan hasitako prozesuan faltan sumatzen zutelako, orain ere baina orduan gehiago, gai hauen gaineko informazioa.

Askorentzako gurpildun aulkian euren burua ikusteak erabatetko aldaketa suposatu zuen euren bizitzan: harremanak , eskola egunak, kalera joatea, gurasoen dependentzia, intimitate falta ... Dena ikasi behar eta are gehiago, onartu behar momentu horretatik aurrera norberaren bizitza horrelakoa izango zela, hau da, ziur aski aulki bati lotuta egongo direla bizitza osoa. Ze zaila!! Eta itsaso korapilatsu honetan "ni gorputz trakets horretan" .

Gazteak garenean sexualitateari edota erotikari buruzko gaiak pil-pilean dabiltza eta horrelako arazo batekin topo egiterakoan gaiek hortxe jarraitzen dute baina zailagoa egiten da irtenbideak aurkitzea.

Plazera, askotan esan dugun moduan, ez da egun bateko kontua ezta urte betekoa, gure bizitzaren zehar gorpuzten doan sentsazioa, bizipena baino. Gure gorputz osoa errezeptorez josita dago, eta horien bidez batez ere sortzen da plazera gure baitan. Errezeptoreek informazioa hartzen dute eta bizkar muinetik gora bidaltzen dute burmuineraino. Beraz, lesio batek edo gaixotasun batek gugana jotzen duenerako gure gorputzak jada istorio bat dauka. Aurretik bizitakoak lagunduko digu aurrekoa eraikitzen,nola ez! gure sexualitatea eta erotika ere bai.Gure gorputzaren sentsazio batzuk galduta izan arren, beste batzuk garatu ditzakegu plazerak bere bide gozagarria egin dezan. Dena da posible!

Nork esan du ipurdi azpian aulkia behar dutenek ez daukatela sexualitaterik edo inolako erarik erotika garatzeko? Askotan hori sinestarazi digute. Eta ez da egia!! Denok gara gai plazera sortzeko, neska edota mutil laguna izateko, mina emateko, poza sentitzeko, malkoak izurtzeko, orgasmoak izateko, masturbatzeko, laztantzeko ... Gorputzeko hainbat ataletatik sentsazio gozagarriak ateratzen ditugu, ez bakarrik genitaletatik . Nahiz eta genitalek kasu batzuetan ez sentitu, hauek pentsamenduak eta sentimenduak sortarazten dituzte eta horiek sentsazioa gozagarriak dira ere. Fantasia, irudimena, sormena ... ezinbestekoak izaten dira gozatzeko eratan sakontzeko. Gozamena, plazera eta orgasmoa azken finean burmuinean ematen dira, gure gorputzean gauzatzen dira , berdin da zelako gorputza edota ezintasunak ditugun.

Arazoak aulkia geure buruan ipintzen dugunean datoz . Beraz itxi dezagun aulkia gure bizitza errazteko, ez zailagoa egiteko.

Besarkada handi bana.

 

2d1

Gotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak erakusketa berri bat ondu dute. Kasu honetan, 2d1 proiektuak ardoaren galaxiarekin duen harremanaren baitan, planeta berri bat deskubritu dute. Kiribila. Oraingoan, argazki eta poesia erakusketa izan...

Gehiago irakurri

Emakumeak Hitza eta Bizitza

Emakumeak Hitza eta Bizitza

Orain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu...

Gehiago irakurri

IFTTT

IFTTT

Zerbitzu oso interesgarri eta sinplea da ifttt.com. Beren sortzailen hitzetan "Internet zure alde lanean jartzeko" balio duen tresna. Errealitatean, baldintza bat betetzen denean ekintza bat burutzeko balio duena. Adibidez, blog...

Gehiago irakurri

logobie © Euskal Herriko Ikastolak EKE gardena