kirolak

Natura grinarekin nahasten denean

Naturak askotan gabeziak egozten dizkigu. Gure giza izatasunean jada badaude aspektu batzuk bizitza zailago bilakatzen dutenak, edo nahiko genituzkeen helburuak lortzen uzten ez digutenak. Edo hobe esanda, helburuak lortzeko zailtasunak jartzen digutenak.

Ezintasun horiek denok ditugula onartuta, kontraesana sortzen da gabezia horiek barne grinarekin tupust egiten dutenean. Gorputz barrutik astintzen diren bi inertzia erabat aurkako bezala azaltzen zaizkigu.

Honen adibide didaktiko bezala hartu beharko genuke Josu Feijoo mendizalea. Kirolari arabarra dugu eta bere bereizgarririk nabariena diabetikoa dela da. Egunero 4 intsulina dosi behar ditu bizirauteko. Hainbat mendi eta trabesia bideratuak bazituen 1989an, bere gorputzak zuen beharra jakin zuenean. Albisteak halere, kirolarekiko bere erlazioa birformulatu beharrean, sendotu egin zuen, eta 1989tik hona hainbat mugarri burutu ditu, tartean Himalako mendikateko Everest edo Shisha Pangna igotzea, edo Antartikako hainbat tontor. Egin dituen erronka gehienetan, historiako lehen diabetikoa izan da. Abenturaren 'Grand Slam'-a ere erdietsi, du, alegia, bai hego zein ipar poloak konkistatu ditu, eta kontinente bakoitzeko puntu gorenak ere zapaldu ditu. Honi gaineratu behar zaio espazioan ere izan zela Feijoo, lurrari biraka ibili zen espaziuntzian diabetearen inguruko esperimentuetan ibili zen.

kirolak_11_04_25

Bada, planetako erronkak bukatzen ez diren heinean, bere abentura gosearekin jarraituko egiten du Josu Feijook. Horrela ekin zion Groenlandia zeharkatzearen espedizioari. 800 kilometro inguru, Fridtjof Nansen-ek 1988an irekiriko errutari jarraituz. Baldintza ezin gogorragoak, 35 gradu zero azpitik 24 orduko egunak dituen lurraldean. Baldintza gogorregiak. Josuren gorputzak ez zuen jasan, bere odoleko azukre tasa jaitsi egin zen eta bi koma hipogluzemiko izan zituen. Egun lazgarriak izan ziren espedizioarentzat, Danimarkatik etorritako helikopteroak ezin baitzuen Josu jaso eguraldi txarraren ondorio. Azkenik halere, Tasiilaq-eko hospitalera heldu zen Josu eta bere osasuna estabilizatzen doa. Bere 45 urteekin eta izandako sustoarekin, azken espedizioa izan dela beretzat adierazi du Feijook. Ikusi beharko zenbateraino den egia adierazpen hau. Zeren denok badakigu barne grinak asetzea zein konplikatu izaten den.

 

Iragana eta oraina

Garaiak aldatu egiten direla ez dago ukatzerik. Ez dago XXI. mendeko eremurik aldaketatik kanpo geratu dena, onerako edo txarrerako. Honen adibideak nonahi aurki ditzakegu. Esaterako, eraman ditzagun gure arreta fokoak Azpeitiko zezen plazara. Bertan bi gizonek instituzioa zirudien errekorra apurtzeko saiakera egingo zuten. Eszenatoki, esan bezala, zezen plaza. 10 kilometroko ibilbidea egitea da helburu Euskal Herriko proba tradizional hontan. Duela 34 urte ezarri zuen Mariano Haro palentziarrak marka 29 minutu eta 52 segundotan. Ordutik inork ez zuen kronometroa azkarrago gelditu. Markaren hautsa harrotzea zen beraz Azpaitiako lehiakideen helburua: Ali Hassan Mahboob bahreindarra eta Geoffrey Kusuru ugandarra zein baino zein bere izena urrezko liburuan idazteko helburu tinkoarekin.

Probak kontzentrazio eta sendotasun extremoak esigitzen ditu, izan ere, edozein lasterketak eskatzen duen prestakuntza fisikoaz gainera, zirkuito borobilak inplikatzen duen etengabeko kurbak zaildu egiten du lasterketa . Orotara 100 buelta dira egin beharrekoak, eta hortarako bi korrikalariek mundu mailan arrakasta ugari lortu izanaren bermea zuten.

kirolak_11_04_02

Garaiak aldatu dira, bai. 1977an Mariano Harok errekorra lortu zuen igande hartan, Tolosako zezen plaza jendez gainezka zegoen. 2011an panorama desberdina zen. Arratsaldeak izan zuen kutsu historikoa zezen plaza erdi apurrak baino ez zuen gozatu. Jarduera nostalgikoen presentzialtasuna galtzen atera den seinale. Ikusleen artean, bat besteak baino bereziagoa. Mariano Haro bera, bere markaren heriotza izan zitekeena ikusten. Ez zen beldurrik, halere, palentziarraren hitzetan. Marka beste baten eskuetan egoteko garaia bazela adierazten zuen.

Azkenik, historia gauzatu ahal izan zen Azpeitian. Mahboob-en esku dago orain erregetza, 29:37koa izango da hemendik aurrera erronkari ekin nahi diotenek gainditu behar duten erregistroa. Kusuruk ere Haroren denbora birrindu zuen, hamar segundo irabaziz.

Aintzinako erronkak balio gutxiago zeukalaren sentsazio kontraesankorra sorrarazi zen horrela. Halere, iraganaren markei bere balorea eman behar zaien heinean, zikloak ixtea ere onartu behar dugula ukaezina da. Historiaren araua ere badelako iragana atzean geratzen dela beti.

 

Etorkizun zaporea duten loturak

Kirolak bizitzako beste eremu zenbaitetan eragiten duela ez da inolaz ere sekretu. Are gehiago, badaude ekitaldiak printzipioz kirol eremu hortan ezartzen direnak nahiz eta arreta fokoak beti beste gune batzuetan ezartzen diren. Honen adibide nabarmena izan daiteke esaterako Athletic eta Glasgowko Celtic-ek jokatu zuten lagunarteko partida.

Bizkaiko kluben onurarako etekinak lortzeari bideratutako ekitaldia, puntako bi talderen arteko norgehiagoka erakargarria, aurrekaririk gabeko lagunartekoan. Halere, ondorio ekonomiko eta deportiboetaz harago, izaera markatuki sinbolikoak ere inguratzen zuen partida bere hastapenetik.

kirolak_11_03_31

Nazio tradizionalki atseginak elkarrekiko, anaitasun ekitaldi baten beharra aldarrikatzen zuten zenbait ahotsek bateratzen ziren sentsazio horiek gauzatzeko.

Horrela, zenbait Athletic zaleren bihotza bigundu egin zen bi taldeen arteko norgehiagoka iragarri zenean. Bizitzako ametsetako bat betetzen zitzaiela adierazten zuten askok. Glasgow-ko Celtic talde markatuki eskoziarra delako, baina aldi berean Euskal Herriarekiko oso gertu kokatzen den beste nazio baten sustraiak ere baditu. Irlandatik datorren taldea dugu Celtic Park-ekoa, eta euskal gizartearengan atseginez jarraitu da betidanik talde eskoziarraren ibilbidea. Ondo ospatu zen bere garaian Euskal Herrian 1967an talde berde eta txuriak lorturiko Europako Kopa, bere historia arrakastatsuan puntu gorena adierazten duen txapelketa.

Horrela, bi zalegoen uztartzeak aurreikus zitekeen arrakasta izan zuen. Festa giroak hartu zituen Bilboko kaleak, izan ere, talde zurigorriaren zalego finari lurralde eskoziarretik heldutako ehundaka zaleak gehitu zitzaizkion, Bilbora etorriak partida zeukan zaporeak erakarrita, lehiaketaren garrantzi hutsak ahaztuta. Horrela, bi taldeek zelaian izandako batasunak harmailetan izan zuen isladarik nabarmenena. Ez soilik partidan zehar, senidetasun kalegirak eta partidaren inguruan izan zen festak Euskal herritar eta eskoziarren arteko hurrengo topaketari hasiera ematen ziola zirudien.

Partida husna bukatu zen. Sekula emaitza batek ez zeukan horren garrantzi gutxi.

Euskal kirolaren erritmora dantzan

Euskal kirolaren ondare historikoa berreskuratzea beti da positiboa. Zeren askotan, joaneko garaipen eta arrakasta nabarmenak hortxe geratu dira, iraganean eta oroimenean lurperatuak eta orainaldi urriak itsusitu egiten du lorpenaren garrantzi izugarria.

Esandakoaren adibide egokia izan daiteke ziur asko Getxo Rugby taldearena. Euskal errugbiaren paradigma eta erreferentzia urte askotan zehar, urrezko urteak bizi izan zituen 90. hamarkada horren barnean, bereziki 1993an: ohorezko ligako txapeldun izan zen, oraindik ere beste euskal talde bat iritsi ez den gailurra da hau.

Esan bezala, beraz estatuko maila gorenera itzuli izana lorpen handia da talde bizkaitarrarentzat. Ez da gehiegi pasa jaitsiera burutu zenetik, 2009ko apiril garratz hartatik bi urte eskas dira igaro direnak, eta ematen duenaren arabera, behetik gora etortzearen inertziak on egingo die getxoztarrei hurrengo urteei begira.

Ezin daiteke ahaztu, bestalde, zein puntutaraino hornitzen duen Getxo Rugby taldearen igoerak euskal rugbbyaren potentziala hamarkada hasi berri hontan. Orotara 4 izango dira hurrengo denboraldian maila gorenean izango diren euskal taldeak, beti ere Pegamo Bera Berak asteburu hontan bertan bideratuta daukan permanentzia baieztatzen badu. 4 ordezkari 10 talde dituen txapelketan. Bereziki aipagarri AMPO Ordiziaren kasua, aurten ligaren azken txanpararte egon da tituluarengandik borrokan, nahiz eta azkenik La Vila talde alikantearrak bere erregetza berretsi duen. Edozein kasutan, gipuzkoarren denboraldia goraipatzekoa, baita Gernika Rugby eta Pegamo Bera Berarena ere. Bizkaitarren kasuan, oraindik ere 3. tokian sailkatzeko aukerak badituzte, beraz euskal taldeek ligako podiumaren bi euskarri izan ditzakete aurtengo edizio hontan.

kirolak_11_03_02

Ukaezina da beraz euskal errugbiak bizi duen une goxoa, baina koska bat igotzea falta da oraindik. Esan bezala, 1993an Getxo Rugby taldeak irabazitako liga hura euskal errugbiaren txapelketa bakarra dugu. Etorkizunak baieztatuko digu perspektiba uste bezain oparoak diren. Etorkizun hurbilak, agian.

Munduan barrena korrika

Lorpen ofizialetatik kanpora eraikitzen diren ekimenak dira zenbaitetan barne asealdia dakartenak. Norberak bere buruari ezartzen dizkionak, muga pertsonalak behatuz eta posibilitateen atalaseak esploratuz. Kirolaren eremuan oso baliagarria den baieztapen honek, are zentzu enfatizatuagoa izango luke kirol paralinpikoaz ari garenean.

Javi Conde korrikalari basauritarrak aski onarpen eta arrakasta lortu du eremu honetan. 7 urrezko domina eta 2 zilarrezko ditu joko paralinpikoen barnean, eta orain, 46 urte dituela bere erronka propioak markatzeko garaia iritsi zaio. 28 maratoietan parte hartzea bilatzen du, zehazki joko olinpiko eta paralinpikoen sede izan diren hiri guztietako maratoietan helmuga zeharkatu nahi du. Proiektu anbizioso bezain nekagarria, eta berau burutzeko denbora tarte luzea eskatzen duena. Jadanik bere ibilbidean 8 egin dituela kontutan hartuta, bi urte baino gehiago emango ditu korrilari bizkaitarrak munduan barrena zerrenda luzea bukatzen duen arte.

Abentura bukatzen denerako 1176 kilometro izango ditu zeharkatuak maratoi horietan, eta maratoi bat prestatzeko media 1000 kilometrotan dagoela, orotara 29.176 izango da Condek bere bizkarrean izango duen kilometro zama azken helmuga zeharkatzen duen unean. Ekimen sinbolikoa da oso Javi Condek bere buruari markatu dion hau. Horrela, jomuga solidarioa da proiektuaren motore nagusia. Jada lehiatu dituen maratoietatik 6.000 euro lortu ditu finantziazio eta patrozinatzaileen bitartez.

kirolak_11_02_01

Horrelako zerbait aurretiaz egin den edo ezen informaziorik ez dago. Egia esan, garrantzirik ere ez daukan zerbait da, izan ere, Condek ez du gizarte laudorioa bilatzen horrelako zerbait martxan jartzen duenean. Baina inkonszienteki bai ateratzen digula argitara berak osatzen duen kirol paralinpiko horren duintasuna. Zenbaitetan daukan tratamendu mediatikoa kontutan hartuta kirolaren apendize hutsa baino ez dela dirudien arren, mugak gainditzearen elementua erroetaraino dago ezarria ezintasunak dituzten kirolari horien barnean. Jadanik puntu honetan ezinbesteko galdera planteatu beharko genuke: ohore eta arrakasta dominetan dago? (bizitza eta gizarteko horrenbeste eremutara estrapola daiteke galdera hau...)

 

2d1

Gotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak erakusketa berri bat ondu dute. Kasu honetan, 2d1 proiektuak ardoaren galaxiarekin duen harremanaren baitan, planeta berri bat deskubritu dute. Kiribila. Oraingoan, argazki eta poesia erakusketa izan...

Gehiago irakurri

Emakumeak Hitza eta Bizitza

Emakumeak Hitza eta Bizitza

Orain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu...

Gehiago irakurri

IFTTT

IFTTT

Zerbitzu oso interesgarri eta sinplea da ifttt.com. Beren sortzailen hitzetan "Internet zure alde lanean jartzeko" balio duen tresna. Errealitatean, baldintza bat betetzen denean ekintza bat burutzeko balio duena. Adibidez, blog...

Gehiago irakurri

logobie © Euskal Herriko Ikastolak EKE gardena