Elementu berriak lehen mailara pasatzeak beste batzuk itzalean geratzen direla inplikatzen du. Ez dago denarentzako tokirin gorenean, eta logikaren arau eztabaidaezin honek eremu guztiei egiten die eragina. Pertsonoi, eta baita tokiei ere.
Azken hilabeteetan asko hitz egin da Bizkaia frontoiaren inguruan. 3.000 pertsona hartzen dituen pilotalekua, frontoi kirolak modernotasunera eramango dituen eszenatokia, ametsen partidak gara daitezen testuinguru egokiena. Argazki ugari ikusi ditugu bertan azken hilabeteetan, bai pilotariena lehia zirraragarrietan, eta baita politikariena ere, elkarri eskua estutzen.
Horrela, hasieran aipatzen zen arauaren poderioz, beste frontoi batzuk beste maila batera pasa dira. Eta horren adibiderik garbiena Gasteizko Ogeta frontoia genuke. Esku pilotaren tenplo eztabaidaezina, 1979an eraiki zen, eta orduan ere, pilota beste eremu batetara eraman nahi zuen. Bizkaia frontoia bezalaxe, bere garaian ere Euskal Herrian zegoen pilotalekurik handiena, etorkizunak ekarriko zituen lehiaketetarako osagai beharrezkoa.

Ogeta zaharraren zikloetako bat, horrela, 2010ean itxi zen, hain zuzen ere ekainaren 20ean, Xala eta Martinez de Irujoren arteko lehian. Buruz burukoaren finala zen eta nafarrak mendean hartu zuen lapurtarra. Martinez de Irujok txapela jantzi zuen beraz, eta Ogeta frontoiak esku pilotaren beste orri bat idatzi zuen egun hartan.
Bada, egun hartatik 21 hilabete pasa dira partida ofizial batek berriro ere hiriburu arabarreko frontoi nagusia hartu duen arte. Ikuslego gasteiztarrak ia bi urtetan zehar La Blancako feriako exhibizio txapelketarekin konformatu behar izan du, enpresen, federazioen eta instituzioen arteko talkak tarteko zeudela. Horrela, expektazioz hartu zuen komunitate pilotazaleak igaro berri den martxoak 16eko lehia. Binakako ligaxka faseko partida xehea zen, finalen xarmatik aldendua. Olaizola II-Begino eta Xala-Laskurainek jokatzen zuten. Ilusioa somatzen zen arratsaldean, publikoak zoragarri erantzun zuen eta sarrerak agortu zituen pilotaren arima daukan tokiaren bueltatzea ikusteko. Olaizola eta Begino nagusitu ziren, eta harmailen orroak arnasez bete zuen hilabeteetan barrena pilotaz husturiko Ogeta. Zaleek, eta baita pilotariek ere, horren toki enblematikoaren itzulerarekin gozatu zutela aitortu zuten.
Denarekin, honek ez du ezer esan nahi. Partida hau Ogetan jokatu izanak ez du inplikatzen aurrerantzean regulartasunez lehia berriak emango direnik. Kasu gehiago ere izan dira azken urteotan, bazterturik geratu diren pilotalekuenak. Halere, inplikaturiko instituzio guztiek, Ogeta berreskuratzeko borondatea azaldu dute.
Ikusi behar zer den pilotalekuarekin gertatzen dena eta hemendik aurrera izango duen erabilera, baina hizpide dugun partida hontan ozen aldarrikatu zuen Ogetako zalegoak gertutik ikusten jarraitu nahi duela esku pilotaren ikuskizuna.
Euskal errugbya momentu gozoan dagoelaren zalantza gutxi dago egun. Estatuko ohorezko mailan hamar taldetik hiru euskal ordezkarien datua nahiko adierazgarri bada, eta horri gaineratu behar zaio bai Ampo Ordizia eta baita Bizkaia Gernika ere taularen alde noblean daudela, 3. eta 4. sailkatuta, eta denborada bukaeran arrakasta lortzeko aukerekin. Beste ordezkaria, Getxo Arteak ere denborada ona darama, eta ez dirudi mailari eusteko arazo gehiegi izango duenik. Horri gaineratu behar bai Hernani eta bai Pegamo Bera Bera ere denborada zoragarria egiten ari dira Ohorezko maila B hortan, eta hurrengo urtean akaso handitu egin daitekela euskal ordezkari sorta gorenean.
Denarekin, ez da ligaren gainean artikulu honek proposatzen duen hausnarketa. Izan ere, kirolaren hazkundean beti dago haustura une bat, gauzak era definitiboan bide onean ezartzen dituena. Momentu horiek harrapatzea zaila izaten da, heldutasuna neurtzea interpretatiboa izaten baita, baina argi dago Errege Kopan Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak jokaturiko kanporaketak mugarria markatu duela euskal errugyaren barnean.

Final aurrekoa zen, joan eta etorrikoa, eta berdintasuna mugakoa izateko tankera guztia zegoen. Bi taldeek erregulartasun maila garrantzitsua adierazi dute denborada guztian zehar, eta gertaturiko porrotak oso lehiatuak izan dira beti ere bi taldeengan. Horrela, aurrera egiteko ederki sufritu beharko zutela barneratuta zeukaten bi taldeek. Joaneko partidan bizkaitarrek aurrera hartzen zutenaren sentsazioa zegoen, nahiz eta goierritarrek 14-0 arriskutsu hura 14-12 bilakatu bigarren zatian.
Horrela, itzuliko partidarako dena airean geratu zela esan genezake. Altamirako zelaia jaia izan zen egun hortan. Errugbya instituzio bilakatu duen herriak bete egin zituen harmailak eta hala talde gipuzkoarrak intentsitate maila egokia aplikatzeko panorama izan zuen hastapen hastapenetik. Hala, partida hasiera hobeak erabaki zuen lehia, eta atsedenaldirako 16-0ekoak oso aldeko jarri zituen gauzak ordiziarrentzat. Bigarren zatian sufitzen jakin izan zuten behar zenean, eta era egokian defenitzen aurkariak espazioa uzten zuenean, eta hala, bukaerako 26-12ak finalerako txartela eskuratzea suposatu zuen. Euskal derbya gainditu ondoren Kopa estreinekoz altxatzeko aukera izango dute gipuzkoarrek El Salvador-en aurkako partidan, eta horrela, 2004an Bera Berak irabaziko Koparen lekukoa hartu.
Bizkaia Gernikak, ordea, ligan jarri beharko ditu esfortzuak, oraindik ere badagoelako zer lehiatu. Hurrengo urtean Europan egoteko aukera izan dezakete oraindik ere basurdeek.
Azken ohar bat: berriro ere bi talde hauek ligako azken jardunaldian neurtuko dituzte indarrak Urbietako zelai gernikarrean. Batek daki euskal errugbyaren beste mugarri bat eraikiko den eguna izango ote den.
Egungo gertakariek iraganekoekin erlazio handia izaten dute zenbaitetan. Aforismoaren entziklopedia hartuta, “Ezagutu dezagun nor izan garen, egun garena ulertzeko”. Hala, halabeharrak hainbatetan orainaldi eta iraganaren arteko elkarrizketa interesgarriak plazaratzen dizkigu, eta hausnarketa puntu mamitsuak lortzeari begira. Horrela, Bilboko Athletic Europa League txapelketako final zortzirenetarako sailkatu da, eta Manchester United talde boteretsuaren aurka jokatuko du hurrengo faserako txartela irabazteko lehia. Bi talde indartsuren arteko lehen mailako kirol norgehiagoka, ikuskizun politaren gonbitea. Baina beste adiera batzuk ere badadude, izan ere, nostalgiaren ateak irekitzen ditu kanporaketa honek.

1957ra joan beharko ginateke atzera. Futbola oso desberdina zen orduan, mundua bera ere dexente diferentea zen heinean. Egungo foko mediatikoetatik kanpora eraikitzen zen, nahiz eta hasiak ziren somatzen etorkizunean kirolak piztuko zituen pasioak. Horrela, Athletic eta Manchester-en bidea estreinekoz gurutzatu zen txapeldunen ligako final laurdenetan. Zurigorriak lehiaketa zoragarria egiten ari ziren, aurreko faseetan Portugaleko Oporto eta Hungariako Honved (Puskas mitikoaren taldea) kanporatu zituen, eta Manchester United zen bidean gurutzatzen zitzaion hurrengo erraldoia.
1957ko Urtarrilaren 16a Athletic-en historian gordeta dagoen egun handi horietako bat bezala gogoratzen dute Bilboko adintsuenek. Bi taldeak zelaira atera zirenean elur geruza txuri batek estaltzen zuen berdegunea. “11 baserritarren” taldea bezala ezagutua zena 'Piru' Gainza kapitainaren atzetik atera zen, eta britainarrei begietara begiratu eta buruz buru lehiatzeko borondate irmoa zeukaten euskaldunek . 5 eta 3 gailendu ziren zurigorriak magiaz beteriko egun hartan, eta final erdiak eskura zeudela ematen zuen.
Itzuliko partidak bortizki ireki zizkien begiak bizkaitarrei, halere, eta historiarako geratu zen bigarren zita hartan 3 eta 0 irabazi zuten ingelesek. Egun tamalgarrian inmortalizatuta geratu zen euskal jokalarien kemena, Carmelo Cedrun atezainak partida guztia lesionaturik egin zuelako, garai hartan ez baitzen aldaketekin jokatzen.
Kontuak kontu 55 pasa dira egun gogoangarri haietatik, eta gauzak izugarri aldatu dira. Athletic ez da aintzina izan zena, nahiz eta, zenbaitetan aipatu izan dugu, arrakasta ez den handitasuna neurtzeko parametro bakarra. Zor historiko hura kitatzeko aukera izango dute beraz egungo Athletic honen ordezkariek. Irabazten duenak irabazten duela, halere, kirolak elementu deportiboetaz gainerako osagaiak dituen gertakari horietako bat dela ezin ukatuko dugu.



Elkar diskoetxearen eskutik argitaratu du diskoa. Izenburu esanguratsua jarri dio Garik bere abesti bildumari, erreinbidakzio kutsua ere somatzen delarik. Diskoa rock estiloan murgiltzen da, naiz eta batzutan mugan aurkitu, sonoridade...
Gehiago irakurri
Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki...
Gehiago irakurriGotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak erakusketa berri bat ondu dute. Kasu honetan, 2d1 proiektuak ardoaren galaxiarekin duen harremanaren baitan, planeta berri bat deskubritu dute. Kiribila. Oraingoan, argazki eta poesia erakusketa izan...
Gehiago irakurriOrain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu...
Gehiago irakurri
Zerbitzu oso interesgarri eta sinplea da ifttt.com. Beren sortzailen hitzetan "Internet zure alde lanean jartzeko" balio duen tresna. Errealitatean, baldintza bat betetzen denean ekintza bat burutzeko balio duena. Adibidez, blog...
Gehiago irakurri