sarean

VoIP bidez HITZ EGIN!

sa29.jpgEz da inoiz hain erraza izan bi urruneko puntuen artean elkarrizketa bat mantentzea Internet eta komunikazio teknologia berriei esker. Gaurkoan komunikatzeko era bati buruz jardungo gara, zehazki VoIPari buruz. VoIPa, ahotsa Interneteko Protokoloaren bitartez garraiatzeko sistema da. Ahotsa garraiatzeko sistema honek Internet erabiltzen du ahotsa garraiatzeko eta beraz komunikazioak merkeagoak dira. VoIP bitartez komunikatzeko hainbat aukera daude, telefono linea arruntean jartzen diren gailu bereziak, ordenadoreari jartzen zaizkion telefono bereziak, etab. Gure kasuan aldiz, ordenadorea telefono bezala erabiltzeko aukera izango dugu aipagai. Gaur egun, bi ordenadoreen artean ahots bitartez elkarrizketa bat mantentzea dohainik da. Bai, ondo entzun duzue dohainik. Beraz zure telefono faktura txikitzeko aukera nabarmena duzu VoIP honekin. Zenbait enpresak eta partikularrek jada teknologia hau erabiltzen dute beraien artean komunikatzeko. VoIP bitartez komunikatzeko behar diren gauzak soinu txarteldun ordenagailu bat, Interneteko konexioa, mikrofono eta bozgorailu batzuk behar dira. Gure ordenagailuan hitz egiteko ahalmena emango digun programa bat instalatu behar dugu ondoren. Programa asko dago baina hauen artean ezagunena Skype da. Programa honi esker VoIPak oihartzun handiagoa izan du. Skype bitartez gure lagunekin hitz egiteko aukera dugu. Bat-bateko mezularitza programa baten funtzionamendu bera dauka. Hau da, zure zerrendara gehitutako lagunak konektatua dauden edo ez adierazten digu eta horiekin ahots elkarrizketa bat egiteko aukera ematen digu. Honez gain, testu bidezko komunikazioa eta bideo-konferentzia ere ahalbidetzen ditu, nahiz eta bideoaren kasuan Interneteko konexio nahiko azkarra beharrezkoa izango den. Skypek aldiz, ordenagailu eta telefono arteko komunikazioa egiteko aukera ere ematen du, kasu honetan ordaindu beharko den arren, telefono arruntaren prezioekin konparatuz, prezioa bajuagoa izaten da. Nazioarteko deiak programa honen bitartez egitea adibidez telefono arruntekin egitea baino askoz merkeagoa da. Aukera hau gaitzeko izena emateaz gain, gure kontuan dirua sartu beharko dugu eta kontu honetako dirua amaitu arte hitz egin ahal izango dugu. Skypez gain, programa asko dago Skyperen berdina egiten dutenak. Hauetako batzuk komentatuko ditugu orain: Open Wengo : Programa interesgarri honetan Skyperekin egin daitezkeen gauza guztiak egiteko aukera dago. Software Librea izateaz gain, plataforma askotako bertsioak ditu, Windows, GNU Linux eta laster Mac OS X eta Pocket PC (mugikorrek eta PDA batzuek erabiltzen duten sistema eragilea). Hauetaz gain Firefox nabigatzailearentzat gehigarri bat dauka, bertatik atera gabe deiak egiteko aukera ematen duena. Beste berezitasunen artean, bideo-konferentzia egiteko aukera, audio aurpegitxoak (gure elkarrizketa kideari bidaltzeko soinu dibertigarri sorta), itxura aldatzeko aukera etab aipatu ditzakegu. Google Talk : Google handiak ateratako VoIP programa. Bere berezitasunen artean bere sinpletasuna da nabariena. Erabiltzeko erraza izateaz gain, estandar libreak erabiltzen dituenez, beste hainbat programekin komunika daiteke. Era honetakoak dira Jabber protokoloa erabiltzen duten programak. Google Talk berez Windows sistematan bakarrik eskura daiteke, nahiz eta aipatu bezala berau erabiltzeko beste sistema eragileetan beste programa batzuk egon. Bideo-konferentzia egiteko aukerarik ez duen arren, badago aukera hau gehitzeko Festoon izeneko gehigarri bat instalatzean. Gizmo : Gizmo project izeneko programa honek ere aurrekoek egiten dutena egiten du, bideo-konferentzia barne. Bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat SIP estandar irekia erabiltzea da. Sistema eragile ezagunenentzat bertsioak dauzka, hau da, Windows, GNU Linux, Mac OS X. Berezitasunen artean deia egiten den lekua Google Maps erabiliz kokatzen duela eta Skypen ez bezala, hainbat pertsonen arteko elkarrizketan 99 erabiltzailek hitz egin dezakete aldi berean (Skypen muga hau bost pertsonakoa da). Voipbuster : Voipbusterrek eskaintzen duen gauzarik interesgarriena prezioa da. Munduko zenbait herrialdetako telefono finkoetara (mugikorretara ez) deitzea dohainik da. Besteetan bezala ordenagailuen arteko elkarrizketa dohainekoez gain, aipatutako telefono finkoetara deitzeko aukera ematen du inguruko Estatu Espainiar eta Frantsesa barne. Minutu bateko elkarrizketa mantendu daiteke, baina 5 euroren truke muga hau desagertu eta nahi adina hitz egiteko aukera ematen du. Windows sistema eragilearentzat bakarrik dago eskuragarri. Ikusi ahal izan duzuen bezala beraz ahoz dohain hitz egiteko aukera gero eta handiagoa da. Honek, etorkizun gertu batean telefono konpainietan eragina izango du, nahiz eta oraindik jende gutxi erabiltzen duen. Jadanik ez duzu beste munduko lagun horrekin ez hitz egiteko aitzakiarik.

Podcasting, irrati berria

sa28.jpgPodcasting hitza Pod + broadcasting hitzen kateaketa bat da. Lehenengoa Appleren iPod mp3 irakurgailu eramangarri famatuaren izenetik dator. Aldiz broadcasting difusioari dagokion hitza da. Zer da zehazki? Podcast edo i-rratsaioa jario baten bitartez (normalean RSS 2.0) banatzen den audio fitxategi bat da. Programa berriak daudela jakiteko harpidetza egin daiteke eta programa berri bat ateratzen denean automatikoki jakingo dugu. Jario arruntak bezala jario irakurgailuen bitartez irakurtzen dira baina badaude bereziki podcast-era zuzendutako jario irakurgailuak: Nola egin daiteke? Audio fitxategia sortu behar dugu lehenengo, horretarako mikrofono eta ordenagailu bat besterik ez da behar. Grabagailu digital batekin ere egin daiteke. Fitxategi honen formatua mp3 izaten da normalean baina OGG ere izan daiteke. Grabazioa egiteko hainbat programa erabili daitezke, bi hauek gure gomendioak:
  • PodProducer (Windows XP) http://www.podproducer.net > mp3a grabatu eta nahastu daiteke. Oso interesgarria ediziorik gabe zure programa grabatzeko.
  • Audacity (Plataforma anitza) http://audacity.sourceforge.net > audio fitxategia gorde eta editatzeko tresna paregabea. Software librea eta euskaraz dago.
2.- Audio fitxategia zerbitzarira igo. Fitxategia sortu ondoren zerbitzari batera igo beharko dugu. Beharbada gure fitxategiak igotzeko zerbitzari batean leku bat izango dugu baina batzuetan ez dugu aukera hori izaten. Kasu horretan egonez gero, fitxategiak igotzeko aukera ematen duten zerbitzuak badaude. Gomendagarria den bat http://archive.org da. Bertara igotzen diren fitxategiak lizentzialibre batekin igo behar dira. Igotze prozesu hori laguntzeko tresna txiki bat eskaintzen zaigu http://creativecommons.org/tools/ccpublisher, gure fitxategia era oso errazean igotzeko. Gure zerbitzari propioan lekua izango bagenu, FTP bezero baten bitartez igo dezakegu audio fitxategia. Interesgarriak izan daitezken programa batzuk hauek dira: 3.- RSS jario egokia sortu. RSS jarioa eskuz sortu daitekeen arren, badaude tresna batzuk pausu hau errazago egiteko. Horietako bat easypodcast http://www.easypodcast.com/ da. Tresna honen bitartez dugun mp3 fitxategiekin RSS jario egokia sortzen dugu. Era berean, programa honek fitxategia zerbitzarira igotzeko aukera ere ematen du. Sortu dugun jario hori ere zerbitzari batera igo behar dugu jendeak harpidetza egin ahal izateko. Zaila ematen du? Aurretik azaldutako guztia zaila dela iruditzen bazaizu badaude beste tresna batzuk prozesu hori errazten dutenak. Tresna horiek bi multzotan banatu ditugu zerbitzari bat izanez gero instala ditzakegunak edota Interneten aurkitu daitezken dohaineko zerbitzuak: Softwarea (Zerbitzari batean instalatzeko) Loudblog http://loudblog.de > RSS jarioa automatikoki sortzeaz gain audio fitxategiei entzungailu txiki bat gehitzen dion blog sistema bat da. Wordpres+plugin http://www.myghtyseek.com/podpress > Wordpress blog sistemari podcastinga kudeatzeko tresnak gehitzen dizkio. Dohaineko zerbitzuak Odeo http://www.odeo.com > Audio fitxategia sortu, igo eta RSS jarioa sortzen duen online zerbitzua. Podomatic http://www.podomatic.com >Audio fitxategia sortu, igo eta RSS jarioa sortzen duen beste online zerbitzu bat. Blogari.net + podcast itxura http://www.blogari.net > RSS fitxategia automatikoki sortzen du eta entzungailu txiki bat gehitzen duen euskarazko blog sistema bat. Adibide batzuk Podcast euskaldun batzuk Podcast ezberdinak biltzen dituzten guneak Mikrofono eta ordenagailu bat baduzu animatu zaitez!!

Googleren barruak ezagutzen

sa27.jpgDenok dakizue zer den Google bilatzaile ezaguna. Gure egunerokotasunean askotan erabiltzen dugu bilatzaile hau, baina bere aukera guztiak erabiltzen ditugu? Seguraski ez. Hori da artikulu honen bitartez egiten saiatuko garena.

Google bilatzailea

Google bere bilatzailearengatik da ezaguna. Google egon aurretik zeuden beste bilatzaile asko aurreratu eta orain erabiliena bilakatu da. Bere arrakastaren arrazoi nagusia bere orrialdearen sinpletasuna izan daiteke. Bilatzaile bat izanik, bere funtzio nagusia argi uzten du hasierako orrian. Bertan irudiak, taldeak, gidak eta, noski, webguneak bilatu daitezke euskarazko bertsioan behintzat. Ingelesezko bertsioan berriak, Froogle(produktuak bilatzeko eta erosteko era berria)eta lekuaren araberako bilaketak egiteko aukera dugu. Erabiltzen dugun arren askotan zerbait bilatzea asko kostatzen zaigu, hona hemen Google erabiltzeko zenbait gomendio:
  • Hitz konposatuak edo esaldi konkretu bat bilatu nahi baduzu kakotxak (") erabili. Horrela Googlek kakotxen artean dagoena bilatuko du osorik, adibidez: "euskarazko softwarea".
  • Galdera erantzun bezala idatzi. Bilatzen ari zarena erantzuna da ez galdera bera, horregatik erantzuna bilatu behar da. Adibidez, Everesten altuera jakin nahi badugu, ez dugu "Zein da Everesten altuera?" idatziko baizik eta Everesten altuera * metrokoa da (* ikurrak tarte horretan edozer egon daitekeela adierazten du).
  • Hitz baten definizioa bilatzen ari bagara interesgarria izan daiteke define parametroa erabiltzea. Honen bitartez Googlek definizioak bakarrik bueltatuko ditu. Euskaraz gutxi dauden arren, emaitzen azpian hizkuntza aukeratzeko aukera ematen zaigu. Adibide bat: define:euskara.
  • Webgune bati beste webguneek egiten dizkioten loturak ezagutu nahi badira link parametroa erabili beharko genuke. Era honetan ikastola.net lotzen duten beste webguneak zeintzuk diren jakiteko link:http://www.ikastola.net jarri beharko genuke.
  • Webgunearen helbidean hitz bat edukitzea behartu dezakegu Google. inurl parametroa erabiliz, webgune baten helbidean hitz hori duten emaitzak bakarrik bilatuko dira. Adibidez "hezkuntza" hitza helbidean duten webguneak aurkitu nahi baditugu inurl:hezkuntza jarri beharko genuke.
  • Bilatzen ari garen helbidearen izenburuan hitz konkretu bat egotea nahiko bagenu, intitle parametroa erabili beharko genuke. Berriro ere "hezkuntza" hitza izenburuan duten webguneak aurkitu nahiko bagenitu, intitle:hezkuntza erabili beharko genuke.
  • Webgune konkretu batean bilaketak egin nahiko bagenitu site parametroa erabili beharko genuke. berria.info webgunean "ikastola" hitza bilatu nahiko bagenu adibidez site:http://www.berria.info ikastola.
  • Fitxategi mota konkretu bat bilatzen ari bagara filetype parametroa erabiliko dugu. Demagun ôeuskaraö hitza duten PDF fitxategiak bilatu nahi ditugula. Horrela idatziko genuke:filetype:pdf euskara.

Aukera hauetaz gain eragile logikoak (AND(eta) eta OR(edo)) ere erabil daitezke. Aukera hauek guztiak eta gehiago era errazean erabil daitezke bilaketa kutxaren eskuinean azaltzen den "Bilaketa aurreratua" sakatzen badugu.

Google bilatzaile bat baino gehiago

Googlek bilatzaileaz gain beste hainbat tresna sortu ditu eta Interneten erabilgarri daude guztiak. Hauetako batzuk aipatuko ditugu orain:
  • Google Book Search: Digitalizaturiko zenbait liburuetan bilatu eta beste hainbat liburu aurkitzeko tresna.
  • Google Scholar: Unibertsitate eta beste ikerkuntza dokumentazioan bilatzeko tresna.
  • Google Desktop Search: Gure sisteman instalatu ondoren (Windows sistematan bakarrik), Googlek eskaintzen duen bilaketa boterea erabili daiteke gure sisteman ere bilaketak egiteko.
  • Google Maps: Mundu osoa satelitetik ikusteko aukera ematen duen tresna.
  • Google Earth: Gure sisteman instalatu ondoren (Windows edo Mac sistementzako)Google Maps-ek ematen dituen aukerak eta gehiago erabili ahal izango ditugu gure ordenagailuan.
  • Google Video: Bideo asko aurkitu daitezke bertan, dohainekoak zein ordainpekoak.
  • Google Talk: Berehalako mezularitza eta konputagailuen arteko ahots elkarrizketak ahalbidetzen dituen programa sinplea baina erabilgarria.
  • Google Blog Search: Blogetan bilaketak egiteko baliagarria den bilatzailea.
  • Blogger: Blogak sortzeko Googleren tresna.
  • GMail: Googlek eskaintzen duen posta elektroniko interesgarria. Momentu honetan 2600MB (egunero igotzen) eskaintzen ditu zure posta elektronikoa gordetzeko eta tresnan bertan konektatuak dauden zure agendako kontaktuekin hitz egiteko aukera ematen dizu.
  • Google Labs: Googleren ikerkuntza laborategia. Atera behar dituen produktu batzuei buruz eta egiten dituzten ikerketei buruzko informazioa ematen dute bertan.

Ikusi dezakezuen bezala, Google bilatzaile bat baino gehiago da, gaur egun mundu osoko jakintza biltzen den lekua delaesan daiteke. Hau horrela izanik berak zehazten du zer den ikusten dena eta zer ez eta zein lekuan. "Googlen ez dagoena, ez da existizen" esaldia etorkizun hurbil batean egi borobila izatetik gertu gaude.

Etxea ere nire i-kastola da

sa26.jpgGaurkoan urruneko ikasketaz jardungo gara, baina bere zentzu zabalenean. Hau da, berez internet bidezko (e-learning) bezala ezagutzen denaz eta internetek ematen dizkigun aukerak aprobetxatuz lor daitezkeen jakintzak ere aztertuko ditugu. E-learning edo i-rakaskuntza, zer da? I-rakaskuntza (internet bidezko ikasketa) Internetek ematen dituen aukerak hezkuntzan aprobetxatzearen ekintza bezala defini daiteke. Beste hitz batzuetan, ordutegi eta kokapen geografikoaren menpe ez dagoen ikasketa prozesu bat da i-rakaskuntza. Non erabili daiteke? Aplikazioak asko izan daitezke baina hauek izan daitezke interesgarrienetarikoak. Unibertsitateetan, ikasleek klasez kanpoko praktikak edo egin beharrak egiteko aukera ematen du. Klasean emandakoa indartzeko laborategi birtualak ere egin daitezke. Azken muturreraino eramaten badugu, ikasketa prozesu guztia ere internet bidez egin daiteke, hori da hain zuzen ere UOC-ek(Universitat Oberta de Catalunya) http://www.uoc.es/web/esp/index.html egiten duena adibidez. Eskola eta Ikastoletan, aurreko adibidetik eratorri daitezkeen aplikazioaz gain, irakasleak gidaturiko internet bidezko ikasketa prozesu bat abia daiteke. Era honetan ikastetxean egiten denaz gain irakasleak bidalitako lana internet bidez egin, irakasleak hau zuzendu eta eztabaida parte hartzaile bat ere eman daiteke, ikasketa prozesua dinamikoagoa bihurtzeaz gain denontzako aberatsagoa izan baitaiteke. Beste alde batetik, eskoletako eta ikastoletako irakasleei begira euren eten gabeko ikasketan laguntza handikoa izan daiteke. Bere denbora hobeto antolatzeko aukera ematen zaio irakasleari eta ikasi behar dituen gaiak ikasteaz gaian, berarekin batera lan berdinean ari direnekin gaia eztabaidatzeko, komentatzeko edo galdera denon artean konpontzeko aukera ederra ematen du. Berriro ere denon artean ikasketa prozesu osatu eta sortzaileago bat lortuz. Zer behar da i-rakaskuntza prozesu bat abiatzeko? Gehienetan gogoa eta jendearen prestakuntza minimo batzuk behar izaten dira. Ez dira asko, jadanik i-rakaskuntza era egokian kudeatzeko tresnak badaude eta hauek ezagutzeko eta erabiltzeko lan pixka bat hartu behar den arren ondoren dena erraz egiten da. Esan daiteke, beraz, internet erabiltzeko jakintza minimoak dituen pertsona orok duela plataforma hauek erabiltzeko gaitasuna, azalpen batzuk emanda.
  • li>Plataforma hauetako ezagunenak hauek izan daitezke:
  • Plataforma guzti hauek orokorrean komunak diren ezaugarri batzuk dituzte, i-rakaskuntza prozesua jarraitu eta aurrera ateratzeko, beti ere segimendu bat eginda. Komunak izan daitezkeen ezaugarriak hauek izan daitezke:
    • Foroak
    • Ikasle, irakasle eta tutoreak kudeatzeko sistema
    • Edukiak txertatzeko era erraza
    • Ikastaroak sortzeko kudeaketa sistema
    • Kanpoko paketeak sartzeko aukerak
    • Beste hainbat tresna: wikiak, txat gelak, ekimenen egutegia etab.
    Interneten ikasi daitekeena ez da i-rakaskuntzara mugatzen Internetek aukera asko ematen dizkigu interesatzen zaizkigun gauza guztietan sakondu ahal izateko. Ez da i-rakaskuntza sistema bat behar gure jakintzak zabaldu ahal izateko. Hona hemen gure jakintzak handitzeko erabili daitezkeen lotura sorta bat: Google (http://www.google.com): Bilatzaile bat den arren, mundu osoko jakintzaren datu base bat ere uler daiteke, azken finean hori baita Google. Google Scholar (http://scholar.google.com): Testu akademikoak aurkitzeko Googlek eskaintzen duen beste zerbitzu bat. Wikipedia (http://eu.wikipedia.org): Denon artean eraikitako entziklopedia irekia. Elhuyar hitzegia (http://www1.euskadi.net/hizt_el/indice_e.htm): Elhuyar hiztegia interneten, EU->ES eta ES->EU itzulpenak egin daiitezke. Euskalterm (http://www1.euskadi.net/euskalterm/indice_e.htm): Terminologia banku publikoa. Euskara, Gaztelera, Frantsesa, Ingeles eta Latin terminoak bila daitezke. Hiztegia 3000 (http://www1.euskadi.net/hizt_3000/indice_c.htm): EU->ES eta ES->EU itzulpenak egin daitezke. Google Books (http://books.google.com): Liburutegi unibertsalaren bidean Googleren ekimena libur digitalizatzeko. Open Content Alliance (http://www.opencontentalliance.org): Liburutegi unibertsalaren bidean beste ekimen bat, Yahook bultzatua. Armiarma.com ekimena Klasikoen gordailua (http://klasikoak.armiarma.com/) Literaturako testu klasikoen webgunea: liburuez gain, baladak, kantak, herri literatura, testu zaharrak, e.a. Basquepoetry.net (http://www.basquepoetry.net/): Euskal poesiaren ataria Bertso eta olerkien hemeroteka (http://urkiza.armiarma.com/): Julen Urkiza-ren Euskal Bertso eta Olerkien Bibliografia-ren gainean garatutako ekimena. Literatur Aldizkarien Gordailua (http://andima.armiarma.com/): Ibinagabeitia proiektua: 29 aldizkari eta 6.000tik gora artikulu digitalizatuta. Kritiken hemeroteka (http://www.armiarma.com/kritikak.htm) : Euskal literatura modernoko liburuei buruz kaleratu diren kritiken gordailua. Literatur Emailuak (http://www.armiarma.com/emailuak.htm): Literatur argitalpenak eta ekimenak iragartzeko asteroko albistegia; harpidetza doan. Euskal Lokuzioak Sarean (http://intza.armiarma.com/): Intza proiektua: euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera. Zaldi Ero idazleekin (http://zaldiero.armiarma.com/): Berrehun argazkiko erakusketa duzu webgune hau, Miel A. Elustondok aurkeztua.

    Blogak eta bere aplikazioak

    sa25.jpgBlogak, komunikazio tresna berri bat dira, ez teknologikoki baina bai duten jarraitzaile kopuruarengatik eta bere inguruan sortzen ari den fenomenoagatik. Hurrengo lerroetan blogek dituzten ezaugarriei buruz hitz egin, hauen aplikazio posibleak aztertu eta zuk zeuk blog bat sortzeko baliabideen berri emango dugu. Zer da zehazki blog bat? Blog bat web orrialde dinamiko sinple bat da. Bere berezitasunak hauek izan daitezke:
    • Blogean mezu bat argitaratzea oso erraza da, idazten badakizu blog bat editatzen jakingo duzu.
    • Mezuak orden kronologikoan azaltzen dira, hau da, azkenak lehenak dira
    • Mezu guztiak ezin direnez lehenengo orrian azaldu artxibategi batean gordetzen dira pasatako mezuak
    • Mezuetan bisitariek iruzkinak uzteko aukera dituzte, blogari eta bisitari arteko elkarrekintza handituz
    • Blogeko mezuak jario bitartez (ikusi aurreko kontaizu alea) jasotzeko aukera dago
    Blog bat zer den dakigunez orain honen aplikazioak aztertuko ditugu: Blogak irakaskuntzan Blogak irakaskuntzan gazteak euren lanak entregatzeko edota motibatzeko tresna bezala erabili daitezke. Era honetan, gazteak motibatzeaz gain, teknologia berrietan heziko ditugu. Irakasleak lanak paperean entregatu beharrean blog batean zintzilikatzeko aukera eman dezake, era horretan gauzak automatikoki ordenatzen dira eta laguntza edo iruzkinak bertan egin ditzakete irakasle eta beste ikasleek. Euskal Herrian baditugu hainbat adibide:
    • IKTeroak -> Jakintza ikastolako irakasleek, lan ederra egin dute gazte talde batekin, beraien blog propioak sortu dituztelarik.
    • Iturrama DBH1 bloga -> Bertan, Iturrama ikastetxeko zenbait ikasleek irakaslearen laguntzaz, irakurri behar dituzten liburuei buruz hitz egiten dute, baita beraien irudiak igo ere.
    Blogak komunikazio tresna bezala Blogak beste komunikazio tresna bat izanik, elkarrekintza handiko komunikabide bat bezala erabili daiteke. Honen adibide garbienak:
    • Sustatu -> Askotariko informazioa aurkitu daitekeen arren, teknologiari buruzko informazioa asko lantzen duen komunikabidea da.
    • irratia.com -> irratia.com Bilbo Hiria irratian egiten den irratsaio baten interneteko bloga baino gehiago da. Zuzenean irratsaioa internetetik entzuteko aukeraz gain, podcast bitartez eskuratu eta entzuteko aukera duzu.
    Blogak egunkari pertsonal modura Blogak gure gogoetak plazaratzeko gune aproposa izan daitezke. Askotan gure gogoetak plazaratzeko gogoa dugu eta ez dugu lekurik aurkitzen, leku hori da blogak betetzen duena. Asko eta asko dira gaur egun euskal blogosfera deiturikoa osatzen dutenak:
    • Patxitrapero -> Patxitraperoren blogean blogari honen gogoetak, irudiak eta bideoak ikusi ahal izango ditugu.
    • Etiope bat martitzen -> Katixe blogariak martitzetik bere gogoetak eta ideiak azaltzen dizkigu oso era berezi eta ederrean.
    Blogak enpresetan Blogak enpresetan erabiltzen hasiak dira, bezeroarekin harremanetan jartzeko, barne komunikaziorako, lan esparruan komunikazioa eta harremanak indartzeko etab. Euskal Herrian oraindik garatuegia ez den esparru bat den arren, laster ikusiko ditugu era horretako blogak, adibide batzuk ematearren.
    • Atai elkarte koperatiba -> Atai elkarte koperatibaren enpresaren bloga, non bere produktuei buruzko informazioa eskuratu dezakegu.
    • Baster alde jatetxea -> Jatetxe honen blogean bere zerbitzuak, informazioa, menua etab. ikusi daiteke. Gure bloga sortu Euskarazko blogak automatikoki sortzeko tresna badago Blogari.net. Tresna honetan blog bat sortzea oso erraza da. Webgunean sartu eta "sortu" dioen botoia sakatzen dugu. Ondoren, gure blogak izango duen izena eta pasahitza asmatzen ditugu eta jadanik gure bloga sortua izango dugu. Euskarazkoak diren beste blog komunitate batzuk ere badaude adibidez goiena.net eta eibar.org ezagunak. Hauetan blog bat sortzeko baimena eskatu behar da. Gazteleraz La Coctelera tresna arrakastatsua dugu eta frantsesez azken egunetan famatua egin den Skyblog tresna. Ingelesez tresna asko aurkitu daitezke. Batzuk aipatzearren, Blogger, Wordpress.com eta Blogsome. Euskaraz gero eta blog gehiago sortzen ari dira, zuk zeurea egiteko prest zaude? Gurekin kontaktuan jarri
     

    2d1

    Gotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak erakusketa berri bat ondu dute. Kasu honetan, 2d1 proiektuak ardoaren galaxiarekin duen harremanaren baitan, planeta berri bat deskubritu dute. Kiribila. Oraingoan, argazki eta poesia erakusketa izan...

    Gehiago irakurri

    Emakumeak Hitza eta Bizitza

    Emakumeak Hitza eta Bizitza

    Orain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu...

    Gehiago irakurri

    IFTTT

    IFTTT

    Zerbitzu oso interesgarri eta sinplea da ifttt.com. Beren sortzailen hitzetan "Internet zure alde lanean jartzeko" balio duen tresna. Errealitatean, baldintza bat betetzen denean ekintza bat burutzeko balio duena. Adibidez, blog...

    Gehiago irakurri

    logobie © Euskal Herriko Ikastolak EKE gardena